Zer da IA?


Ikasle Abertzaleak Euskal Eskola Nazionala helburu duen ikasle euskaldun, ezkertiar eta feministon antolakunde iraultzailea da.


  • EUSKAL ESKOLA NAZIONALA: helburu politikoa
Egun sistema kapitalista patriarkarrak eta espainiar nahiz frantziar estatuen nahi eta interes inposatuen gainetik egonen den hezkuntza eredua da behar duguna. Eta horretan datza borrokatzen dugun hezkuntza eraldaketaren muina.

Aldarrikatzen dugun hezkuntza eredu horren baitan kokatzen dugu Euskal Eskola Nazionala.  Herriaren, hain zuzen ere Euskal Herriaren eraikuntza eta garapenean zutabe izango den eskola eredua eta jendarte justu eta parekide bat bermatuko duena. Finean, sistemak garatzen duen zapalketa hirukoitzaren gainetik, herritar euskaldun, aske, kritiko eta burujabeak heziko dituen eskola da Euskal Eskola Nazionala.

Proiektu politikoa bera euskalduna, ezkertiarra eta feminista izanen da.



  • IKASLE ABERTZALEAK: ikasleon tresna

Helburu estrategikoa den Euskal Eskola Nazionala lortzeko tresna dugu Ikasle Abertzaleak antolakundea. Berau, ikaslez osatutako antolakunde iraultzaile euskaldun, ezkertiar eta feminista da. Bete betean proiektu politikoari erantzuten dizkion ezaugarriak barnebiltzen dituelarik.


EEN helburu duen antolakundeak, eskola horren balore, praktika eta ezaugarriak bildu behar ditu ezinbestean. Proiektuaren eraikuntza ez baita objektu fisiko edo utopia hutsa. Eredu bat da, egunerokotasunean landu, eraiki eta bizi dena Ikasle Abertzaleak-en bitartez. Beraz, antolakundeak, balore, praktika eta ezaugarri guzti horien jabe eta eredu izan beharko du.


Utopia horretara iristeko ordea, egungo errealitatetik abiatzen garela kontuan izan behar dugu. Hain zuzen, errealitate horren eraldaketa bera Euskal Eskola Nazionalaren bidean lerrokatzea dagokiolako Ikasle Antolakundeari. Horregatik, egun bizi dugun hezkuntza nahiz jendarte eredua bera aintzakotzat hartu beharko ditu, ahalik eta modu eraginkorrenean eraldaketa eragin dezan.



  • IKASLE ESTRATEGIA: jarraituko dugun bidea
Euskal Eskola Nazionala lortzeko tresna Ikasle Abertzaleak bada ere, helburu politikoa lortzeko bidea Ikasle Estrategia da. Berau, aurrerantzean datozen urteetan garatu beharreko jarduna definitzen duen estrategia da. Estrategia hau, gaurdanik Euskal Eskola Nazionalaren eraikuntza bermatuko du. Bide honetan, ondorengo 3 ildoak adostu dira:


Ekin Euskal Eskola Nazionalari ildo iraunkorra
Ildo honen helburua gaurdanik inoren ez ezeren zain egon gabe EEN egikaritzen hastea litzateke. Txikitasunetik, hau da, maila lokaletik, errealitatean egingarriak diren praktikak martxan jartzea eta bertatik bertara hezkuntza eraldaketa eragitea. Modu honetan EEN utopia hutsa izatetik, beharrezko proiektu bilakatzeko egingo genuke indar.


Helburua hau izanik, ildo iraunkorra dela ulertzen dugu. Hau da, antolakundeak modu konstantean garatu beharko duena, ildoaren beraren garapenerako unean uneko beharrezko dinamika, egiteko, borroka, tresna eta bitartekoak luzatuz. Honen baitan, alternatibak eraiki, erasoei erantzun, eduki propioak eraiki, pedagogĂ­a askatzailea eraiki, hezigune euskalduna eraiki, partaidetzan oinarritutako estola eraiki eta ikas baldintza duinak eraiki.


Euskal Herria eraiki ildo ez-iraunkorra
Euskal Herriaren askapen eta eraikuntza borrokan badu ardurarik. Hori dela eta ildo honen helburua Euskal Herriaren aldeko borrokan antolakundea, eta beraz, militantzia, parte aktibo izatea izango da, beharrezko urratsak ematen lagundu eta eragin dezagun.


Ildo hau ordea, Ekin ez bezala, ildo ez-iraunkor gisa irudikatzen dugu. Izan ere, testuinguru politiko, sozial, ekonomiko nahiz kulturalaren arabera zabaltzen diren abagune eta proiektuen aurrean gure indarrak neurtu eta zein ekarpen egiten dugun baloratu beharko dugu. Honela bada, unean une Ekin ildoarekin batera eta ikasle diskurtso batez testuinguratuta, Euskal Herriaren eraikuntzan urrats garrantzitsu diren dinamika eta ekimenak garatu beharko ditugu. Zentzu honetan, egoera koiunturalei erantzuna ematea ere badagokigu. Honen baitan:

· Nazio Eraikuntza
· Eraldaketa soziala
· Gatazkaren konponbidea

Iraultzaile Eskola barne ildoa
Ildo hau barne ildo gisa kokatzen dugu. Azken batean, ikasle antolakundeak kanporako praktika iraultzaile eta erreal bat garatuko badu, eredu izan beharko da. Horregatik, antolakundea hiru zapalkuntzei erantzun eta EEN eraikitzeko tresna iraultzaile bilakatuko denaren bermea izan beharko da.


Prozesu Feminista
Bote harremanak gainditu eta sexu-genero zapalkuntzari aurre eginez, ikasleriaren ahalduntzea bermatzea.


Euskalduntzea
Militantziaren jarrera eta jarduna erabat euskalduna izatea bermatzea.


Berdefinizio organizatiboa
Zehaztutako helburu politikoei erantzuteko zehaztu beharreko antolakuntze eredua definitzea.


Prozesu Internazionalista
Militantziaren arteko jarrera internazionalista sustatu eta zeharlerro bezala kokatzea.


Prozesu Ideologikoa
Antolakundearen baitan jarrera kritikoa sustatu, gai ezberdinen gaineko hausnarketa eta formakuntza bermatzekoa. Lehentasunezko egiteko gisa, ulertuta, ezkertiar izaeraren definizioaren baitan teoria eta praktika ezberdinak aztertu eta propio bat eraikitzeko.